‼️ Irungo Harrera sareko bi boluntariok azken egunotan Ukrainatik datozen errefuxiatuei nolako harrera egiten zaien kontatu dute.

Gogora dezagun, duela astebete, Irunen 150 leku dituen aterpe berri bat inauguratu zuela Eusko Jaurlaritzak eta Europako migrazio politiken biktimei omenaldia egin zitzaiela Bidasoa ibaira loreak jaurtita.

Informazioen arabera aterpe berria martxan zen. Ba irakurri jarraian Irungo Harrerako boluntarioek azken egunotan bizi izan dituzten pasadizoak.

GAUTXORI, martxoak 16, asteazkena.
(IHS-k “gautxori” lana egiten du gauero. Hau da, tren geltokira joaten da, bai trenez edota bai autobusez etortzen diren pertsona migratzaileei harrera egiteko eta hala badagokio, Gurutze Gorriak kudeatzen duen aterpera eramateko).

“Gaueko 22:00ak aldera Portugaleko matrikula duen autobus bat iritsi da geltokira, Ukrainatik Portugalera zihoazen pertsona migratzaileak datoz bertan. Bartzelonara joan nahi duten bost emakume jaitsi dira busetik.

Gaur ez dutenez Bartzelonara joateko modurik, esan diegu gaua pasatu dezaketela ostiralean Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu zuen aterpean.
Ez dira gurekin fidatzen eta ulergarria da. Ertzaintzari deitu diogu, emakumeekin hitz egin dezaten.

Jarraitu

Azkenean, onartu dute aterpe berrira gurekin joatea ertzainek eskoltatuta.
Ez ertzainek eta ez guk ez dugu aterpe berria topatzen.
Beraz, ezagutzen dugun Hilanderas kaleko aterpera joan gara (trantsitoan dauden pertsona migratzaileentzat zabaldu zenera).

Gurutze Gorriko langileek ertzainekin bakarrik hitz egitea onartu dute. Ertzainek esan digute beste aterpea ez dagoela zabalik. Haluzinatuta daude beraiek ere.
Gure ustez han lo egitea da logikoena.

Handik pixka batera ertzainek esan digute lau emakumeek lo egiteko Donostiako hotel bat lortzeko bidean direla. Eta galdetzen digute ea geuk eramango genituzkeen.
Ezetz esaten diegu, jakina.

Ordubete eman dugu zain Hilanderaseko aterpe aurrean inolako mugimendurik gabe, halako batean ertzain bat irten da eta esan digu Gurutze Gorria emakume hauek Donostiara eramango dituen taxi bat lortzeko bidean dela.

Azkenean, ertzainek eskoltatuta joango dira, emakumeak ez dira eta fidatzen.
Une berean, dublinatua izan den pertsona migratzaile batek kalean lo egin beharko du. Haren kargu egin gara.
Nork bere ondorioak atera ditzala.

Beharbada gure erakundeen gaitasuna eta azkartasuna, beste behin ere argazkia egiteko bakarrik da?
Gabon.”

Bestalde, IHSko beste boluntario batek hauxe baieztatu du Irungo geltokian…

“Renfeko langileek azken egunotan hainbat erakundetara deitu dute jakiteko nora bideratu behar dituzten euren kabuz geltokira iristen ari diren errefuxiatu ukrainarrak.

Arreta zerbitzuan, ez polizian, ez Gurutze Gorrian, inork ez daki ezer aterpe berriaz.
Agian, lehendakariari galdetu beharko zaio ea zer inauguratu zuen eta non dagoen?
Bistan denez, galdera asko airean.

Bitartean, bertan behera gelditu dira, larunbatean, martxoaren 12an Hendaiara iritsi nahian bere bizia arriskuan jarri eta Bidasoa ibaian desagertu zen Ibrahim Diallo, 24 urteko gaztearen bilaketa lanak, ez baitago bide segururik beltzentzat eta arabiar itxurakoentzat.”

Eman izena elkarrizketan parte hartzeko
mastodon.jalgi.eus

Jalgi hadi Fedibertsora! E.H.ko Mastodon instantzia burujabea