Gogoan dut, Iruñeko Maravillas desalojatzeko garaian, desalojoaren alde zeuden sektore eta hedabide batzuk, gaztetxea (gaztetxeak orokorrean), espazio publiko bat okupatzen zu(t)en ekimen pribatu bezala definitu zutela.
Gobernu autonomikoa(k) izan aurretik herri gisa behar genituen hainbat zerbitzu eta azpiegitura gizarte-antolakuntzatik sortutako ekimen komunitarioen bitartez artikulatu genituen, auzolanean, inongo irabazi asmorik gabe eta benetako bokazio publikoa zutenak. Gobernu autonomikoa(k) eratu ondoren zerbitzu eta azpiegitura hauetako asko gobernu-instituzioetatik ematen hasi ziren "arlo publikoa" izena hartuz eta ordurarte bolondreski egindakoa marginalian utziz.
Lehengo eta oraingo ekimen komunitario horiek "arlo publiko"an txertatzeko apustua egin beharko genuke, hitzarmen instituzional-komunitario/kooperatiboen bitartez, azpiegitura/zerbitzu instituzional eta komunitarioen hibridazio batez osatutako BENETAKO ARLO PUBLIKO (eta ez soilik instituzional) eredu berri bat sortuz.
EHn hain aberatsa izan den (eta oraindik den) herri antolakuntza balioan jarri eta gure herriaren gobernantza ereduetara txertatu behar dugu. Herri gisa, egun planteatzen zaigun demokrazia eta hau egituratzeko modua maila bat jeitsi beharra dugu benetako herri-egiturak nahi baditugu.
Gaztetxearen ingurutik (eta ezkerreko beste sektore batzuetatik) oso ondo defendatu zen proiektuaren publikotasuna.
Gune publiko sozio-kulturalak ez dira, bakarrik, udalek kudeatzen dituzten aisialdirako gaztelekuak.