Ez diot Gaztetxeak eta Ikastolak gauza bera direnik; ez diot, berez, gazte talde batek kudeatutako edozein ekimenek bokazio publikoa duenik (ez eta hezkuntza kooperatiba guztiek), baina publikoaren definizioa berplantu beharko genukeela uste dut.
Gobernu autonomikoa(k) izan aurretik herri gisa behar genituen hainbat zerbitzu eta azpiegitura gizarte-antolakuntzatik sortutako ekimen komunitarioen bitartez artikulatu genituen, auzolanean, inongo irabazi asmorik gabe eta benetako bokazio publikoa zutenak. Gobernu autonomikoa(k) eratu ondoren zerbitzu eta azpiegitura hauetako asko gobernu-instituzioetatik ematen hasi ziren "arlo publikoa" izena hartuz eta ordurarte bolondreski egindakoa marginalian utziz.
Lehengo eta oraingo ekimen komunitario horiek "arlo publiko"an txertatzeko apustua egin beharko genuke, hitzarmen instituzional-komunitario/kooperatiboen bitartez, azpiegitura/zerbitzu instituzional eta komunitarioen hibridazio batez osatutako BENETAKO ARLO PUBLIKO (eta ez soilik instituzional) eredu berri bat sortuz.
EHn hain aberatsa izan den (eta oraindik den) herri antolakuntza balioan jarri eta gure herriaren gobernantza ereduetara txertatu behar dugu. Herri gisa, egun planteatzen zaigun demokrazia eta hau egituratzeko modua maila bat jeitsi beharra dugu benetako herri-egiturak nahi baditugu.
Publiko-pribatu dikotomian, instituzioek goitik-behera kudeatutako zerbait baina askoz gehiago izan daiteke publikoa.
Agian, espazio soziokulturaletarako balio duen ereduak ez du, bere horretan, hezkuntzarako balio, edo agian hezkuntzarako balio duena ez da egokia osasungintzarako.