Duintasuna kendu, eta gizatasuna ukatu diezue. Horrela, hiltzen badira, hiltzera bultzatzen badituzue, uretan erreskatea ukatu, bizi ezinezko esparruetan atxilotzen badituzue, ez da hainbesterako izango.
Ba entzun ondo, bertan, gertu edo urrun zaudeten eta erabakiak hartzen ari zareten politikari eta erakundeetako ordezkariak. Zuen lana da bizitzak zaintzea. Eta bizitza guztiek dute balio berdina, ez zuek merkatuan ematen diezuena.
Migratzea hiltzea dela sinestarazi nahi diguzue. Eta gezurra da. Migrazioa aukera, hautua edo bizitza salbatzeko modu bakarra izan daiteke. Beste guztia, sarraskia, giza eskubideen urraketa, ezer utzi ez zaionaren kontrako gehiegikeriak dira.
Segurtasun neurri bezala erakusten duzuena, bidegabekeria eta krudelkeria da. Zuek egindakoa. Eta utzi behingoz errudunak mafiak direla esateari. Zirkulazio askatasuna, bide seguruak baleude, ez legoke mafiarik. Ez gaitzazue inozoak bezala tratatu, mesedez.
Gure seguritatearen mesedetan da, diozue, eta gogoratu, ez dute gizatasunik, bizitza horiek ez dute balio.